Adierazpen askatasuna. Eskubide guztiak pertsona guztientzat

Ez dugu ulertzen zergatik debekatu den herri honetako gehiengoaren eskariei erantzuten dien eta larunbata honetarako deitu den manifestazioa.

Baina batez ere, Euskal Herrian egoera berria ezarri behar dela uste dugu. Egoera berri horretan herritar guztion eskubide guzti guztiak errespetatzea eskatzen dugu. Eskubideak bermatuko diren egoera berria eskatzen dugu, inolako inposaketarik eta ezelango indarkeriarik gabekoa.

Egoera berri hori lortze bidean, honako eskaerak bermatzea eskatzen dugu:
1. Pertsona guztientzat eskubide guztiak Euskal Herri osoan bermatuko dituen egoera berria: Salbuespenezko eta bortxakeriazko egoera zein egintza oro gaindituz eta eskubide gabezia, urratze edota murrizketa guztiak geldituz.
2. Eskubide zibil eta politikoen, giza eskubideen, eskubide indibidual eta kolektiboen bermea, eta zehazki:
* Bizitza eta askatasuna.
* Euskal presoak Euskal Herrira. Kondena bete dutenak eta gaixorik daudenak kalera.
* Inkomunikazioa eta torturak gelditzea.
• Adierazpen askatasuna: pertsona guztiak, proiektu guztiak, aukera guztiak.
• Alderdi eta erakundeen legalizazioa, eta ondorioz, auzi eta sententzia guztiak indargabetzea.

Aipatu ditugun neurri hauen inguruan adostasun sozial eta politiko handia dago eta gure ustean oraindik ere adostasun gehiago lortu behar ditugu.

Euskal herritarrak gara, parte hartze eta mobilizazioaren bitartez, giza eskubide, eskubide zibil eta eskubide politikoak guztiontzat Euskal Herri osoan bermatu daitezela lortu dezakegun bakarrak.

Horregatik euskal herritar guztiei deia luzatzen dizuegu bihar, irailak 11, ADIERAZPEN ASKATASUNA. ESKUBIDE GUZTIAK PERTSONA GUZTIENTZAT lemapean ,arratsaldeko 17:15ean Bilboko Bihotz Sakratutik hasiko den manifestazioan parte har dezaten

 

Jatorria: Eusko Alkartasuna